Gure ikastola


Jakintzako historia

Donostiako Antigua auzoko egoera kultural larriarekin kezkaturik, 1962 eta 1963. urteetan antiguotar gazte batzuk gure herriaren kultura eta nortasuna bultzatuko lukeen Kultur Batzorde bat antolatu zuten.

Garai hartan andereño bat (Aintzane Astiazaran) auzoko bost haurrei klase ematen hasia zen Erregezain kaleko etxebizitza partikular batean. Batzordeko kideek horren berri izan zutenean, ekintza ahal zen indar guztiekin bultzatzea erabaki zuten. Eskolak emateko toki egokia aurkitzea eta sortuko ziren gastuei aurre egitea izan ziren erronka nagusiak.

1963/1964 ikasturtean, bizilagun askoren laguntzari esker, martxan jarri zen auzoko ikastola. Une hartan A.G.E.P. (Antiguako Gizonen Elkarte Parrokial)-eko lokaletan zegoen kokatuta.

Kultur elkartearen sorrera

Urte batzuk maileguz eskatutako lokaletan kokatu ondoren, 1967an Jakintza Kultur Elkartea sortu zen eta Mikelete ibilbideko egoitza erosi zen.

Garai hartan, ahalegin handia egin behar izan zuten Jakintzako familiek eta Antiguako bizilagun askok, egoera ekonomiko larriari eta frankismoak ezarritako jazarraldiari erantzunez, ikastola aurrera ateratzeko.

Garapena eta sendotzea

Jakintza handitzen eta sendotzen zihoan eta 1970/71 ikasturtean, Matia Trasera (gaur Aizkorri) kaleko aretoak erabili behar izan zituen berriz ere. Horregatik, 1973an, Heriz pasealekuko San Rafael ikastetxeko lau gela alokatu zituen 110 ikasleentzat. Garai horretan, Heziketaren Lege Orokorra atera berria zen eta debekatuta geratu zen eskola batek areto batean baino gehiagotan egotea, beraz ikastetxe bakar bat izateko aukera hasi ziren aztertzen.

1974ean, Elizbarrutiak salgai jarri zuen San Sebastian Martir ikastetxea eta salneurria Jakintzako kideentzat gehiegizkoa izan arren, erostea erabaki zuten OHO legeak oso egoera larrian jartzen baitzuen ikastola.

1974ko irailaren 14an eraikina erosi eta Lugaritz Berri S.A. sortu zuten jabetza kudeatzeko.

Jakintzako ikasleen jarraipena

OHOko legeak beste arazo batzuk ekarri zituen, hala nola, ikasleek non egingo zituzten ikasketak Erdiko Ziklotik aurrera. Donostiako beste lau ikastetxe (Orixe, Zurriola, Martutene eta Ikasbide) egoera berean zeudenez, horiekin batera Joxe Migel Barandiaran Lizeoa eraikitzea erabaki zen.

Hasieran, lizeo horretara joaten ziren Jakintzako ikasleak Goi Zikloa (OHOko 6. 7. eta 8. maila) egitera, eta ondoren, Santo Tomas Lizeoan osatzen zituzten ikasketak batxilergoarekin. Baina 1980/81. ikasturtean, matrikulazioa zela eta, arazoak sortu ziren jarraipena horrela egiteko eta beste irteera eman behar izan zitzaion.

Horregatik erabaki zen ikastola bakoitzak Goi zikloa hartuko zuela bere eraikinetan eta Joxe Migel Barandiaran Lizeoa izango zela Batxilergoa eskainiko zuena. Horretarako Jakintzak laguntza eskatu zion Eusko Jaurlaritzari eta honen eskaintza Antiguako Mª Cristina ikastetxeko zortzi gela erabiltzeko baimena izan zen.

1983/84 ikasturtetik, beraz, Eskolaurrea eta Hasiera Zikloa Erregezain kaleko Mª Cristina ikastetxean kokatu ziren eta hortik gorakoak Heriz pasealekuko eraikinean.

Baina matrikulazioa gora zihoan eta handik gutxira, 85/86. ikasturtean hain zuzen, Montpellier ikastetxeko lau gela erabiltzen hasi behar izan zituzten 3 eta 4 urteko ikasleentzat.

Jakintza 1989ean

25 urte bete zituen ikasturtean, Jakintzako ikasleak horrela zeuden banatuta:
*Itxasmendin: 2 urteko ikasleak.
*Montpellierren: 3 urtekoak.
*Mª Cristina ikastetxe publikoan: 4 eta 5 urtekoak eta OHOko Hasiera Ziklokoak.
*Heriz pasealekuko 109an: Erdi Zikloa eta Goi Zikloa.

Ondorengo urteak, publifikazioa eta gaur egun