2010/06/14

Jaialdi alaia izan dugu

Iragarpenak zioen euria egingo zuela, baina sekulako zorte ona izan eta eguraldia ondo portatu zen Jakintzakoekin. Goizean, kirol ekintzak bukatzen ari zirenean, euri pixka bat bota zuen, baina arratsaldean ateri eutsi zion denen lasaitasunerako.

Giroa ezin hobea izan zen eta asko gozatu zuten ikasleek eta familiek. Irakasleak, kirol monitoreak eta festa antolatu duten guztiak pozik zeuden eta lasaitu ederra hartu zuten dena hain ondo irten zela ikusita.

Mila esker parte hartu duzuen guztiei!

2010/06/11

Gaur jaialdia

Jaialdi eguna iritsi zaigu. Goizean izan dira kirol jarduerak eta asko gozatu dute ikasleek, euren begiraleek eta familiek. Kirol probak bukatu direnean, sari eta opari banaketa izan da eta denentzat egon da opariren bat. Taberna irekita zegoen eta gurasoek suspergarri batzuk hartzeko aukera izan dute, haurren kirol probak gogorrak izan dira eta. Arratsaldean izango dira ikasleen dantzak, Jose Inazio Bitoria marrazki lehiaketaren sari banaketa, erakusketa eta sardinada famatua goiko ikastetxeko patioan. Ondo-ondo pasa.

2010/06/10

2009/10 ikasturteko lan batzuk

Hemen jarri ditugu 2009/10 ikasturtean egindako lan batzuk. Web orri hau sortu denetik, halakoxe batzuk egin ditugu:

Aldizkaria


Aurkezpenak

2010/06/01

Jakintzako abesbatza: zein ederki kantatu duten!

Oso ederrak izan dira Jakintzako abesbatzak (Donostiako Orfeoiaren taldekoak) ekainaren lehenengo honetan, beheko ikastetxean zein goikoan, eskaini dizkigun emanaldiak.


Beheko ikastetxeko saioan, 3. mailakoek "Maritxu" eta "Zirkoa" kantatu dute eta nagusien taldeak "Los cacharros", "Give rap", "Neciponono" (frantzesez), "Akaijana" (kantu japoniar ederra), "Kukuelele" eta "Jostailugilea", Jose Elberdin konpositorearen ipuinaren bertsio laburtua.

Goiko ikastetxean, denak batera kantatu dute eta saioa motzagoa izan da. Errezitaldia "Ni naiz kapitan pilotu"-rekin hasi da eta, ondoren, "Akerra ikusi dugu" "Akaijana", "Kukuelele", "Los cacharros" eta "Jostailugilea", ipuin musikalaren bertsio osoa. Ikasturtean oso lan serioa egin dutela erakutsi dute eta denok txundituta entzun ditugu.

Berriz entzuteko aukera izango dugu igande honetan, Victoria Eugenia antzokian Donostiako beste eskoletako abesbatzekin batera. Han ikusiko dugu elkar.